XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

baina ondoko mementuan emazte buru hoili bat ageri zen, bere biluzian edertasunik ederrena baitzen;

irudi delizios hura instant batean Bengala-ko tigre bilakatu zen, gero tximino, eta suge kiribilkatu.

Sadek irudi aldakor hura deabrua bera zela entelegatu zuen, ordu hartarako ohartua baitzen zer zen kanbera hura.

>Ustegabe, gar haiek biribiltzen eta goritzen hasi ziren, eta markesak, berari deblauki so, aitzinean suzko begiak zeudela uste izan zuen:

- Oi Donatien! -erran zuen ahots ikaragarri batek.

- Jin hadi, Txarrafer! -erran zuen gero, eta, eskuetan liburu mardula zuelarik, deabrutto bat Satanen ondora lasterraz zohala ohartu zen Markesa, halaber harritu ere, zeren deabrua Biarnoko akzentarekin mintzatua baitzen!

Bere nagusiaren keinu batera, deabrutto idazkaria zen aldetik, Txarrafer irakurtzen hasi zen:

- Donatien, De Sade Markesa, Meudom-en sortua, Paul eta Marie Thérèse haren gurasoak... -eta Markesak bere bizialdiko gertakari eta egitate guztiak behatu zituen, bada, zegoen lekuan egoteko meritak;

ondotik, Txarraferrek Jaun Markesak, munduan bizi zeno usatzen zituen erran zuhurrak ere irakurri zituen, zein denak baitziren pekatu mortalak:

- Gizona gozatzeko sortu da!

- Kar, kar, kar -barre egin zuen Satanek, eta erran ere:

- Hori erran polita!

Eta bere ahots ikaragarriarekin, Txarraferri:

- Segi, segi aitzina.

Deabruttoak De Saderen erranetatik irakurtzen segitu zuen:

- Aztoraturik naizenean, nire plazerrik handiena blasfematzea da!

Behatzearekin Satan zaparta zen:

- Biba hi!

Baina oraino atseginago ukan zuen segidan heldu zena: